BEMera bertaratzen direnek dohainik bidaiatu ahal izango dute tranbiaz batzarraren egunetan
Irailaren 19 eta 20an egingo den Basque Ecodesign Meetingek doako tranbia zerbitzua izango du batzarrera datozen guztientzat, akreditazioaren bidez. Neurri horrek erraztu egingo du pertsonak Euskalduna Jauregira joatea. Basque Ecodesign Meetingera bertaratuko diren pertsonek euren akreditazioak jaso ahal izango dituzte irailaren 18an, Ihoberen bulegoetan, 9:00etatik 14:00etra.
Gainera, BEM 2017 Mugikortasunaren Europar Astearen egunetan egingo da. Aste hori kanpaina bat da, helburutzat hartzen duena herritarrak sentsibilizatzea autoaren erabilera arduragabeak hirian dituen ondorio negatiboez eta garraiobide jasangarriagoak erabiltzearen onurez -adibidez: garraio publikoa, bizikleta eta oinezko joan-etorriak-. Ekimen hau 1999an sortu zen Europan, eta 2000 urteaz geroztik Europar Batzordearen sostengua izan du. Urtero egiten da, irailaren 16tik 22ra bitartean. Egun horietan, mugikortasun jasangarria sustatzeko ekintzak egiten dira, eta jardunbide egokien eta neurri iraunkorren garapena bultzatzen da.
Basque Ecodesign Meetingen egunetan egingo diren jardueren artean, berritzaileena izango da hirian bizikletaz ibiltzeko moduari buruzko ikastaro bat. Jarduera hori 20an izango da, goizez. Izena emateko, Erronka Garbiaren standera joan beharko da, Euskalduna Jauregiaren barruan.
Stand horrek ekitaldietako ingurumen-jasangarritasunera zuzendutako informazio-gune moduan funtzionatuko du. Geu bisitatzera gonbidatzen zaitugu, hartutako neurriak ezagutzeko eta, era horretan, jasangarritasunari buruz gehiago jakiteko. Bukatzeko, inkesta moduko formulario labur bate betetzen baduzu, zure lankidetzak saria izango du.
Hainbat eremu eta herrialdetako 500 pertsonak baino gehiagok berretsi egin dute jadanik euren izen-ematea ekitaldirako. Batzarraren aurtengo edizioaren ardatza izango da aztertzea zer-nolako inplikazioak izango dituen, sektore industrialarentzat, Ekonomia Zirkularrera Europan zuzendutako trantsiziotik ondorioztatutako eredu ekonomikoaren aldaketak, eta aztergai izango du, halaber, nola bihurtu daitekeen erronka horiek negozio-aukera eta enpresa-lehiakortasuna hobetzeko aukera.