Eusko Jaurlaritzaren ustez, ingurumena bere jardunaren politika garrantzitsuenetako bat izango da datozen urteetan.
Eusko Jaurlaritzak ingurumenarekin hartutako konpromiso hori EAEko Ingurumen Esparru Programa 2020n jasotzen da. 2014ko abenduaren 2an onartua, datozen 5 urteetan jarraitu beharreko bide-orria da programa hori.
Programa horrek elkarri lotutako sei ingurumen-erronka handi zehazten ditu, hau da, jadanik aurrez aurre ditugun eta etorkizunean ere gure jarduna baldintzatuko duten sei erronka: gure kapital naturala babestea, ongizate eta bizi-kalitate iturri gisa; klima-aldaketa eta eredu energetikoa uztartzea; ingurumenaren eta osasun publikoaren arteko lotura; ekonomia zirkularra eta lurralde lehiakorra bultzatzea; etorkizuneko belaunaldiekin konprometitutako hezkuntza; eta erantzunkidetasunean oinarritutako gobernantza.
Ihobe sozietate publikoak 30 urte baino gehiago daramatza lanean, uste sendo batez, alegia, ingurumena aukeren iturri erreal bat dela aurrera egiteko eta aberastasuna sortzeko; sinetsita gaude, halaber, ingurumenak aukera berriak eskaintzen dituela gizarte bidezkoago eta zuzenago bat eraikitzeko. Bilatzen dugun gizarte horretan, gaurko eta biharko pertsonak gure garapen jasangarriko ereduaren ardatza izango dira, eta horri esker Euskadi finkatu egingo da Europako eskualde aurreratuenen artean.
Ingurumena eta pertsonak. Horixe da gure konpromisoa, eta horren alde jarraituko dugu lanean.