Basque Ecodesign Meeting 2017 topaketan bi osoko bilkura eta bederatzi saio paralelo egingo dira
Kongresuaren webgunean eskura daiteke izango diren saio paraleloen zerrenda. Saio horiek Bilbon irailaren 19 eta 20an izango den Europako ekodiseinuari buruzko topaketa garrantzitsuenetako baten baitan egingo dira. Horrela, hitzordu horretara joan nahi duten guztiek izena eman dezakete jada.
Basque Ecodesign Meeting 2017 topaketan bi osoko bilkura eta bederatzi saio paralelo egingo dira. Bi egunetako lehenengoan, irailaren 19an, bi osoko bilkura egingo dira goizean. Lehenengoaren izenburua hau izango da: «Ekodiseinuaren alorreko Europako ingurune normatibo eta legegilea». Bertan aztertuko dira, Europako eta estatuko erreferentziako erakunde eta agente nagusien eskutik, Europako Batzordeak landutako «Ekonomia Zirkularrari» buruzko paketetik (2015eko abenduan onartua) eratorritako berrikuntza nagusiak. Bigarrenaren izenburua hau izango da: «Ekodiseinua berrikuntzako elementu gisa Euskadin». Bilkura honetan aurkeztuko dira enpresek beren jardueran kontzeptu hauek sartu ahal izateko Euskadin garatzen ari diren ekimenak.
Horrez gain, kongresuaren lehenengo egunean, saio tematiko paraleloak izango dira. Horietan Ekonomia Zirkularraren Estrategien esparruan garatzen ari diren eta enpresei inplikazioa eskatzen dien joera metodologiko eta normatibo nagusiak aztertuko dira. Saioen izenburuak hauek izango dira: Ekodiseinua Ekonomia zirkular batentzat: produktuen iraunkortasun handiago batetik negozio-eredu berrietara; gardentasuna kontsumitzailearekiko ingurumen-komunikazioaren elementu gisa: Produktuaren Ingurumen Deklaraziotik Ingurumen Aztarnara; ingurumen-trakzioa hornidura-katean: nola integra daitezke agente guztiak negozioaren ingurumen-hobekuntzan? eta Hiri jasangarriak: produktu eta zerbitzu berriak biharko hirirako. Saio tematiko paraleloetako bakoitzak 3 ordu iraungo du eta bi bloketan banatuta egongo dira: bata bazkarirako atsedena baino lehen (ordu bat) eta bestea bazkariaren ondoren (bi ordu). Saio guztiak aldi berean izango dira.
Bestalde, bigarren egunean saio sektorialak izango dira. Horietan enpresetako esperientzia praktikotik, bai Europakoak bai Euskadikoak, Ekonomia Zirkularraren kontzeptuak nola aplikatzen diren azalduko da. Eta hori guztia ikuspuntu sektorialetik, bertaratuek bertatik bertara ezagutu dezaten beren sektoreko errealitate industrialean kontzeptu teknikoak aplikatzeko modua. Kasu honetan, bost sektore izango dira topaketan: Mugikortasuna eta Garraioa; Makineria eta ekipamendu elektrikoak eta elektronikoak; Altzariak eta arkitektura; Ontziak eta enbalajeak eta Elikadura.
Saio sektorial paraleloetako bakoitza 4 ordukoa izango da, bi bloketan banatuta eta kaferako atsedenekin zatituta. Saio tematikoak bezala, aldi berean egingo dira. Horrela, Basque Ecodesign Meeting 2017 topaketan izena ematen duen pertsona bakoitzak saio tematikoetako bat eta saio sektorialetako bat aukeratu beharko du.