Abian da irailaren 19an eta 20an Bilbon ospatuko den Basque Ecodesign Meeting 2017 topaketa
«Produktu eta zerbitzu onenak ekonomia zirkular berri baterako» leloarekin, Basque Ecodesign Meeting-BEM2017 (Europako ekodiseinuari buruzko topaketarik garrantzitsuenetako bat) Bilbon (Bizkaia) izango da irailaren 19 eta 20an Basque Ecodesign Center erakundeak antolatuta. Ekimen honek lankidetza publiko/pribatua du eta euskal enpresa zein erakunde publiko hauek guztiek osatzen dute: CIE Automotive, EDP Naturgas Energía, Euskaltel, Eroski, Gamesa, Iberdrola, Ormazabal Velatia, Orona, Vicinay Sestao, Eusko Jaurlaritzaren sozietate publiko Ihobe eta SPRI, eta Euskadiko kluster industrial nagusiak.
Hainbat jarduera-sektore BEM2017n izango dira; hala, sektore hauek nabarmentzen dira: makineria, elektrikoa – elektronikoa, berriztagarriak, garraioa eta mugikortasuna, ontziak eta enbalajea, elikadura, IKTak, eraikuntzako materialak, edo altzariak, besteak beste. Ekodiseinuari buruzko foro honek enpresako bostehun profesional bilduko ditu. Profesional horiek guztiek erantzukizuna dute erabaki estrategikoak hartzen eta interesa dute beren erakundearen politiketan produktuaren ekodiseinua eta ingurumen-berrikuntza sartzeko abantaila lehiakorrak lortze aldera. Horrez gain, parte hartuko dute produktuen eta zerbitzuen diseinu industrialeko teknikari zein profesionalek, unibertsitateak eta administrazio publikoak.
«Edizio berri honetan aztertuko den gaia izango da ekodiseinuak zein ekarpen egiten duen ekonomia zirkularreranzko aldaketarako eta enpresei horrek ekartzen dizkien inplikazioetarako. Berebat, topaketa hau aprobetxatuko dugu ekodiseinua aplikatzen duten Euskadiko ETEak eta horiek babesten dizuten erakundeak ezagutzeko. Babesle horiek, adibidez, elkarteak edo kluster sektorialak dira» adierazi du Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuak.
Gainera, BEM2017 izango da produktuaren diseinu industrialeko espezialistek Europan ekodiseinuaren alorrean dauden joera normatibo eta legegile berriak ezagutu ahal izango dituzten topaketa. Halaber, etorkizuneko joerak ere ezagutuko dituzte eta ekodiseinuari eta produktuaren ekoberrikuntzari esker Euskadiko enpresek azken bi urteetan lortutako ingurumen- eta negozio-hobekuntzak bistaratuko dira. Gainera, nazioarteko jardunbide egokiak, erakunde liderren esperientziak eta ekodiseinuak Euskadiren enpresa-ehunari ekar diezazkiokeen negozio-aukerak aurkeztuko dira.
BEM2017 Bilbon (Bizkaia) izango da irailaren 19 eta 20an Euskalduna Kongresuen Jauregian. Lehenengo egunean osoko bilkura bat egingo da eta foro tematikoak, eta bigarren egunean foro sektorialak egingo dira. Ihobe sozietate publikoaren web-orrian eman daiteke izena doan.