Ingurumenari buruzko Europako Eskualdeen Konferentzia, ENCORE Sarea gisa ezagutzen da, Basque Ecodesign Meeting 2017 topaketan izango da
Irailaren 19an saio tematiko paralelo bat egingo du izenburu honekin: «Ekonomia Zirkularra eta Bioekonomia sustatuz». Saio honetan, ENCORE sarea osatzen duten Europako Eskualdeetan garatzen ari diren Ekonomia Zirkularreko politikak eta proiektuak aurkeztuko dira.
Ekonomia zirkularraren erronkek mugak gainditu dituzte. Erronka horiek nazioarteko lankidetza eskatzen dute. Planetako ingurumena hobetzea nahi dugu eta horren premia dugu. Horretarako, teknologiak eta jarrerak errotik aldatu behar dira. Lan honek emaitza handiagoa emango du beste lurralde-gobernu batzuekin lankidetza estua izanda garatzen bada, hartu behar diren konpromiso politikoetan erreferente bat izatea lortu daiteke, gainera. Hain justu, alor honetan garatzen ari diren hainbat jarduera partekatu ahal izateko, ENCORE sareak saio paralelo bat antolatuko du Basque Ecodesign Meeting 2017 topaketan. Saioa kongresuak izango dituen bi egunetako lehenengoan izango da, irailaren 19an, eta bi ordu iraungo du. Saio horretan parte hartuko dute sareko eskualde desberdinetako kideek eta Ekonomia Zirkularraren erronkei erantzuteko gauzatzen ari diren punta-puntako proiektuak eta politika berriak aurkeztuko dituzte. Saio paraleloa ingelesez izango da.
Hala, Kongresuaren bi egunetan zehar hamaika saio desberdin izango dira: bost lehenengo egunean eta beste sei bigarrenean. Bertaratuek saio horietako bitara (batera lehenengo egunean eta beste batera bigarren egunean) joateko aukera izango dute, zeren aldi berean izango dira. ENCORE sarearen saio paraleloan izena eman daiteke webguneko «erregistra zaitez» atalaren bidez.
ENCORE sarearen helburua da, Europako eskualde guztiek klima-aldaketara egokitzeko eta hura arintzeko arloan dituzten berezkotasun eta iritzi desberdinak partekatzea. Horretarako, besteak beste, biodibertsitate, ura eta zoruaren babesa bezalako gaiak jorratzen dira. Sareak indarra hartu du nazioarteko mailan eta Europako Batasuneko herrialdeek ingurumenaren inguruan hartzen dituzten erabakietan eragiteko duen ahalmena handitu egin da.